ZIRGARIAK, BFA-REN BERDINTASUN-SARIAK
2016. uretan ekin zioten Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k Zirgari sariak antolatzeari, Bizkaian emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona, erakunde eta enpresak aintzat hartzeko- Laugarren ediziorako guregana jo zuten emate-ekitaldiaren diseinu, gidoi eta ikus-entzunezko piezen erredakzioan parte hartzeko, Innevento enpresaren zuzendaritzapean.
Hitz batez, ekitaldia mezuaren eta ospakizunaren arteko uztardura izateko eskaria zen eta, zalantzarik gabe, buru-belarri ekin genion, gogotsu, nola bestela. Giro berezia sortu beharra zegoen, guztia harilkatuko zuen ideia topatu, lau kategoriak islatzeko metafora egokiak aurkitu eta tonu orokorra zaindu … Erronka handia zen, ez baitugu ahaztu behar, gainera guzti horrek bat egin behar zuela ekitaldiaren gainerako elementuekin, eta bereziki, emanaldi artistikoekin.
Zirgari Sariko laugarren edizioan ondoak saritu dira: Pilar Pérez-Fuentes idazle eta historialaria; Tartekari Sarea; Emakumeen Athletic Club taldea; Patricia Espinar pilotari eta futbolaria eta Izar Cutting Tools enpresa. Eta guretzat aparteko luxua izan zen eszena atzealdetik hauek guztiek egiten duten lana aintzat hartzeko ekitaldian parte izatea. Beste modu batez begiratzen duen gizartea eraikitzen ari gara, parte hartu zuten gonbidatuei banatu zitzaizkien betaurreko moreek iradokitzen zuten modu berriaz, hain zuzen. Keinu bat zen, sinboloek duten aparteko potentziaz jantzia.