PARRIAUNDI, TRADIZIOA ETA ETORKIZUNA OGIAREN MUNDUAN

3 Eka 2019

2017ko ekainetik 2019ko ekaina bitartean Parriaundi etxearengandik oso gertu izan gara. Durangon egoitza nagusia duen okindegi-sarea da Parriaundi, 50 urtetik gorako ibilbidea du eta beren etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoan bidaide izateko eskatu ziguten. Zuzendaritza-taldearekin lan egin dugu prozesua abiatu eta bideratzeko, helburuak eta ekintzak definitzeraino.

Prozesu honen emaitza izan da markari lotutako ezaugarri eta baloreak lantzea eta sakontzea, eta Doble Estudioarekin batera, irudi korporatibo berria osorik garatzea, bat egin dezan iraganeko eskarmentua eta etorkizunari begira dituen irispide luzeko asmoak. Hori garatzeko behar diren oinarrizko aplikazioak ere garatu ditugu, eta horien artean webgune berria, Duok etxeak garatuta geure testu eta irudiekin.

Horrez gain, denda fisikoak ere analizatu ditugu, proiektu berriak eskatzen duen koherentzia lortzeko sareko dendetan egin beharreko egokitzapenak identifikatzeko. Gertu egon gara eta gertu jarraituko dugu, egindako lanaz gozatuz eta Anbotoren magalean ogi berria egiten jarraitzen duen etxe honek egingo dituen urratsa berriak ezagutzeko irrikaz. Usain eta zapore oso bereziko lana izan da.